Orduak eta orduak zeramatzan korrika nerabeak, ahalik eta urrunen. Gutxi barru gaua izango zen. Galduta eta goseak jota zegoen, ez baitzuen ezer jan egun osoan. Hain nekatuta zegoen ez zekiela ezta zerengandik ihes egiten zegoen, baina bere aurpegia negar-malkoz bustita nabari zuen.
Mendi batera igo zen, han seguru egongo zelakoan. Dena ilun eta isilik zegoen. Zuhaitz baten magalean eseri eta handik gutxira lokartu zen.
Zarata batek esnatu zuen. Zarata nondik zetorren ikusi nahi zuen, baina egunsentiko lehen argi-izpiek itsutu zuten. Kotxe bat zegoen harengandik hurbil. Polizia zen.
Nerabea korrika hasi zen. Arrapaladan zihoala ikusita, poliziak haren atzetik joan ziren. Geldi zedin oihukatzen zioten, baina nerabea ez zen geldituko: ez zuen harrapatua izan nahi. Mendian gora segi zuen, goraino igo zen arte. Han ez zeukan nora ihes egin, amildegi bat baitzegoen. Ezin zen atzera itzuli, polizia heltzear zegoelako.
Polizia bere albora heldu zen. Lasaitzeko esan zioten, ez zitzaiola ezer gertatuko, eta mesedez amildegitik urrun zedin, bere aita heltzear zegoela. Nerabea beldurtuta eta lur jota zegoen.
Aita iritsi zen, eta nerabeak bera ikusi bezain laster zergatik ari zen ihesian gogoratu zuen. Ez zuen poliziarengandik ihes egiten. Hotzikara batek gorputz osoa astindu zion. Izerdi hotza zerion bizkarretik eta bere gorputz osoan zehar zituen ubeldura guztiak aldi berean nabaritu zituen. Ez zuen harekin joan nahi. Ez zuen gehiago sufritu nahi. Pixkanaka-pixkanaka atzerantza joan zen, amildegirantz. Laster bere amarekin elkartuko zen.
