Bizikleta gustuko dut, baina nire hirian, Barakaldon, kotxea erabiltzea normalagoa da; Euskal Herriko toki askotan ez bezala. Hemen, arraro begiratzen gaituzte bizikleta erabiltzen dugunoi eta zenbaitetan entzun behar izan dugu ea zergatik erabiltzen dugun. Zergatik ezingo dut erabili hainbeste maite dudan bizikleta? Lagunekin, askotan erabili ohi dut nik ere kotxea, batek edo bestek ez dakitelako bizikleta erabiltzen. Horrek ez du esan nahi bizikleta baztertu behar denik. Zorionez, toki asko daude non bizikleta erabiltzen erakusten dizuten.
Bizikletaren etsai nagusiak askotan gurasoak berak dira, haiek bizikleta ez dutenez gustuko, haien seme-alabei Erresuma Batuan eta AEB-n erabiltzen den skate-a irakastea nahiago baitute. Haien arrazoia? Skate-a etorkizunean askoz erabilgarriagoa izango zaiela. Ezin daiteke ukatu skate-aren erabilera, baina horrek ez du esan nahi bere erabilerak bizikletarena ordezkatu behar duenik.
Nik txikitatik erabili dut bizikleta eta harro nago. Kotxeko lehen azterketan zailtasunak izan nituela esatean, zaila egiten zait irribarrea ezkutatzea. Ez ahaztu inoiz bizikleta euskaldunon ikurra dela. Zuk ere bizikleta maite baduzu, erabili, ez ezazu baztertu.
Ea zergatik ematen diodan hainbeste garrantzi bizikletari? Ba al gaude benetan ibilgailuei buruz hitz egiten?
