Liburuaren informazio laburra:
Banda Jokin Erkorekak (Bilbo, 1991) idatzitako poesia liburua da. 2020ko Blas de Otero – Bilbo Uria XIII. Poesia Lehiaketa irabazi eta Erein argitaletxeak 2021ko azaroaren 4an publikatu zuen. 72 orritxo ditu eta di-da batean irakurtzen da.
Nire iritzia:
Poza handia ematen du lagun batek liburu bat argitaratzen duela ikusteak, are gehiago liburua ona denean; pena izugarria baita irrika izugarriaz irakurtzea eta gustatu ez zaizula onartu behar izatea. Zorionez, kasu honetan ez da horrela.
Azken hau dudarik gabe esan dezaket bitan irakurri baitut Jokinen poema bilduma hau: 2021ko azaroan, liburua atera eta gutxira, eta 2023ko martxoaren hasieran. Bien artean hamasei hilabete pasa ziren arren, sentsazio berdinak sortu zizkidan: harridura eta miresmena. “Joe, ze ona den tipo hau” errepikatu nuen etengabe.
Ez dakit zehazki noiz ezagutu nuen Jokin. Agian 2015an; beranduenez 2016an. Deustu unibertsitateko literatura tailerrera joaten hasi nintzen, non Iñigo Larroque irakasle den (oraindik jarraitzen du), eta han gehien parte hartzen zuen “ikaslea” Jokin zen. Bere iritzia partekatzeaz gain, bere poemak ere irakurtzen zizkigun. Partaide askok euskara ez zekitenez poemak gaztelaniara ere itzultzen zituen, bi hizkuntzak dakigunoi birritan gozatzeko aukera emanez. Ia beti errepikatzen nion berdina: “Gaztelaniaz gustatu zait, baina euskaraz askoz hobeto”, izugarria baitzen bere bertsoen zolitasuna. Poesia zale amorratua ez naizen arren, beti nengoen Jokinen txandaren zain.
Banda poema guzti horien eboluzioa da. Ezagutzen nuen Jokin gaztea helduagoa bilakatu den antzera, bere estilo eta teknikan ere heldutasun hori nabari da. Azken batean, ez baita kasualitatea Blas de Otero – Bilbo Uria XIII. Poesia Lehiaketa irabazi izana.
Konklusioak
Zaila egiten zait poesia liburu baten erreseina egitea, ez bainaiz genero honetan aditua eta normalean gai desberdin asko lantzen direlako. Kasu honetan, Jokinek bost zatitan banatu ditu 27 poemak: Goiza, eguerdia, arratsa, iluntzea eta gaua; nahiz eta azken honetan poemarik ez egon.
Baten batek pentsa dezake ez dudala gauza askorik esan liburuari buruz, eta arrazoia du. Hala ere, benetan gomendatzen dizuet Jokin Erkorekaren Banda liburua. Zuek jakingo duzue nitaz fidatu edo ez.
Laburbilduz, zein nota jartzen diot? 4,5/5.
Erreseina hau gustuko izan baduzue, nire sare sozialetan (Instagram/Twitter ) jarraitu nazazue hurrengo blog sarrera noiz ateratzen dudan jakiteko. Hurrengora arte!
