Gerra txikia Lander Garrok (Errenteria, 1975) idatzitako eleberria da, Susa argitaletxeak 2014. urtean argitaratua. Bederatzi urteko mutil baten ikuspegitik lantzen da euskal gatazka, zehazki Iparralden
errefuxiatu zirenen istoria eta GAL “talde antiterroristak” egindako “gerra zikina”. Liburu kutsu autobiografiko nabaria du, Garrok berak bizi izan baitzuen pertsonaia nagusiaren, Xabiren, egoera hori. 304 orrialde ditu.
Laburpena
Xabi Ugarte bederatzi urteko mutila da, bere bi anai-arreba (Gotzon eta Nagore) eta amarekin (Mari Karmen) Errenteria utzi eta Hendaiara joan behar dena, aita han baitago. Aita, Joxemari Ugarte, ETAko kidea da eta errefuxiatu bezala dago Iparralden, poliziarengandik ihesi eta, batez ere, GALekoei beldurra diona, bera akabatuko duten beldur, haren lagun batzuei bezala.
1983an gertatzen da liburuako istoria eta bi adar nagusitan banatu dezakegu.
Alde batetik Xabiren aita ardatz duen euskal gatazkaren irudikapena aurki dezakegu; horregatik aukeratu baita liburu hau lan honetarako, hurrengo analisian aurkeztuko den bezala. Istorian zehar lantzen da euskaldunon eta espaniar eta frantzesen aurkako gatazka, bi “bandoak” ETAren aldekoak eta bi herrialdeetako poliziak (eta GALeko “mertzenarioak”) izanda.
Beste aldetik, Xabiren ume komeriak. Aita arriskuan izateaz gain, herri ezezagun batera joan behar du, hango hizkuntza (frantzesa) jakin gabe gainera. Aldaketa gehiegi izan daitezke bederatzi urteko ume batentzat: ikastolaz aldatu behar izatea, lagun berriak egin behar izatea, ohean txisa egitea, neskekiko obsesioa, bere lehen musuak, Oihana izena duen neskaz maitemintzea, anaiak bezala erre nahi izatea baina asmatikoa izatea…
Nire iritzia:
Literatura gatazka politikodun testuinguru batean erabilgarria izan daiteke, ikuspuntu desberdinak aurkeztu, tabuak suntsitu, “tonalitate grisak” erakutsi… ahal dituelako (Olaziregi, Literatura 6). Hori dela eta, liburuko bi testuinguruak labur aurkeztu behar dira liburuari buruzko iritzia eman aurretik: historiokoa, 1983. urtea, eta argitaratxe data, 2014. urtea.
Istoria 1983an gertatzen da. 80ko hamarkada izan zen ETA talde armatuaren garairik odoltsuena, batez ere 1987ko Hipercorreko atentatua, zeinetan hogeita bat hildako egon ziren. ETA (Euskadi Ta Askatasuna) 1959ko uztailaren 31an sortu zen eta liburua atera zenerako taldeak armak utzi zituen, zehazki 2011ko urriaren 20an, nahiz eta ez zen ofizialki desagertu 2018ko maitzaren 2a arte. Hau da, Garroren liburua ateratako unean (2014. urtean) ETA oraindik existitzen zen organizazio armatua bezala. Horregatik ETAko erasoek eragindako beldur eta kezkek ez zuten jadanik hainbeste garrantzi gizartean, “bigarren plano” batean zegoen (Olaziregi, Literatura 8).
Garroren Gerra txikia ETAren terrorismoaren inguruko beste hainbat eleberriren ostean agertu zen, euskal idazleak 90. hamarkadan hasi baitziren gai hau asko lantzen, bai eleberrian eta bai ipuinan. Ezagunenak Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993, Pamiela) eta Zure horiek (1995, Erein) eta Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995, Erein) dira (Olaziregi, Literatura 12).
Aurrekoarekin erlazionatuta dago exilioko eta exilioari buruzko narratiba, Garroren liburuarekin are lotuago dagoena. Honetan aipatu beharra dago Martin Ugalderen Itzulera baten historia (1989, Elkar) eta Aingeru Epaltzaren Tigre ehizan (1996, Elkar), 1997ak Euskadi Saria irabazi zuen lana (Olaziregi, Euskal 11).
Olaziregiren esanetan, terrorismoari buruzko eleberrigintzak gehienetan duen helburua egin du bere euskal nobelak ere:
Terrorismoaren beraren arrazoiak argitzea, terroristaren baitan biltzen diren motibazio eta helburuetan sakontzea. Biktimizazio prozesuei buruzko ikerketak ugaritzen ari diren garaiotan, esan genezake azken urteetako euskal nobelak biktimengan, erru eta erantzunkizun kolektiboan, gerra zikinean, jasotako oinordetza politikoan…. sakondu nahi izan duela batez ere.
(Olaziregi, Euskal 12-13)
Kasu honetan, Garrok errefuxiatuaren familian jarri zuen fokoa, batez ere bederatzi urteko semerik gazteenean, Xabin, familien sufrimendua irudikatzen, baita bere aitari zerbait txarra gerta liokeen umearen beldurra ere.
Euskaldun batek euskal gatazkaren eta ETAren inguruan idazten duenean talde armatu honen aldeko testu bat den ustean erortzeko joera egon ohi da. Kasu honetan, ordea, ez dirudi horrela denik. Beste era batean esanda, gaztelerazko hitz ezaguna erabiliz, ez da liburu proetarra bat.
Olaziregiren esanetan, “literaturak, memoria kulturala hornitzen duen heinean, gure memoria kolektiboa eraikitzen du, eta memoria horretan gure amets, sufrimendu, eta galerek leku garrantzitsua dutela azpimarratzen du” (Olaziregi, Euskal 14).
Lander Garroren Gerra txikia irakurketa entretenigarria izateaz gain, eleberri bezala, euskal gatazkaren inguruko hainbat gai interesgarri lantzen ditu. Xabiren aitaren eta osabaren eztabaidan osabak esaldi interesgarri bat dio bakearen aldekoa: “Ni gerren aurkakoa izan nauk beti. Ez diat uste gerrarekin ezer konpon litekeenik” (Garro 212). Irakurle bakoitzak interpretatu beharko du liburu hau borroka armatuaren aldekoa edo kontrakoa den, baina hori ez da liburuaren helburua; hau da, ez da propaganda hutsa, eleberri bat baizik. Hala ere, Euskal Herriko historian hainbeste garrantzi izan duen gatazkari buruz hausnarketa egitera gonbidatzen duen irakurketa aproposa da.
Laburbilduz, zein nota jartzen diot? 4,5/5.
Erreseina hau gustuko izan baduzue, nire sare sozialetan (Instagram/Twitter ) jarraitu nazazue hurrengo blog sarrera noiz ateratzen dudan jakiteko. Hurrengora arte!
Bibliografia:
Olaziregi Alustiza, María José. “Euskal narratiba eta memoria historikoa”. Hermes: pentsamendu eta historia aldizkaria, nº 67, 2020, 10-15. https://dialnet.unirioja.es/descarga/articulo/7754334.pdf
Olaziregi Alustiza, María José. “Literatura vasca y conflicto político”. Diablotexto digital, vol. 2, 2017ko abendua, 6-29. https://doi.org/10.7203/diablotexto.2.10144.
